XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IZAKIAREN FUNTSEZKO OSAGAIAK, BUDISMOAREN ARABERA

BIZIAREN GURPILA

Budismoak gizabanakoa energia fisikoen eta mentalen konbinaketa bezala ikusten du, atergabean aldatzen ari den konbinaketa bezala. Bost dira skandha edo energia hauen osagaiak: materia, sentsazioak, pertzepzioak, adimen-formazioak eta kontzientzia.

Materiak estaltzen du unibertsoan ukigarri den guztia: lau elementuok (lurra, ura, sua eta airea), sentimen-organoak, hauen ahalmenak eta dagozkien objektuak, eta halaber pentsamendua.

Sentsazioak kanpoarekiko harremanetan gure organo fisikoen eta mentalen bitartez gureganatzen ditugu. Hor sartzen dira sentipen mentalak (adibidez ideia edo pentsamendu bat hautematea). Budismoarentzat espiritua eta materia ez daude kontrajarriak.

Pertzepzioak sei eratakoak dira. Bost sentimen-organoei dagozkienak eta adimenari bestea. Sentsazioak afektibitatearen arloan gelditzen badira ere, pertzepzioak objektu fisiko edo mentalak onartzeko gai dira.

Adimen-formazioak nahimenaren ekintzak eta asmoak biltzeko gai dira. Asmoa ekintza bezala harturik oinarrizko nozioa da budismoan. Asmoak, besterik gabe, ondorioa berarekin dakar.

Asmoaren zeregina adimena ekintzetara (txarrak ala onak) gidatzea da. Karmari eta phalari (karmaren ondorioa) hertsiki loturik dago.

Budistek diotenez, karma kausen eta efektuen lege naturalaren adierazpena da. Ez daiteke parekatu jainkoaren zuzentasunarekin, ezta sarien edo zigorraren ideiarekin ere.

Kontzientzia ondoko sei organo hauetariko baten estimuluari (ikusmena, entzumena, usaimena, dastamena, ukimena eta adimena) erreakzio moduko erantzuna da. Ez du ezer ikustekorik arima edo nia kontzeptuekin.

Budismoak, bada, bost osagai edo skandha hauen konbinaketa bezala definitzen du gizabanakoa, beti ere behin-behineko eta atergabean aldakor diren osagaiak direla aitortuz. Bere arrazoiketak, ordea, ez dio arima bezalako printzipio iraunkor eta aldaezineko bat hatzematera eramaten.

Heriotza osagai hauen desintegrazioa da. Osagai hauek ez dira giza gorputzetik desagertzen, baizik eta beste forma batzuen baitan jarraitzen dute. Bere modura baina, budismoak onarturik du berraragiztatzearen ideia hinduista.

Gogoeta-ariketak egitean skandha kategoria ezberdinen esperientzia jasotzen da eta gainditzeko bidean jartzen norbera. Pentsamendua desagertzean, nia ideia ere-desagertu egiten da.

Ezjakintasuna edo avidya delakoa eragozpen gertatzen da nia izatearen benetako nortasuna ulertzeko, hau da, bere existentzia eza ulertzeko, alegia.

Ezjakintasunaren kontzeptua budismoaren teorian kausalitatearen ideiari hertsiki loturik doa. Horren arabera, existentziaren aspektu bakoitza aurretiko izatearen eraginak edo egoerak baldintzaturik dago.

Ez da deus berez existitzen denik: izatea hartzen badu zerbait badu aurrez abiapuntu.